|
Urriaren 27a (larunbata) eta urriaren 28a (domeka)
dira Amurrion egingo den Euskal Kirolaren Eguneko laugarren edizioa ospatzeko
hautatutako egunak. Orain dela gutxi abian jarritako ekitaldia izan arren,
2004an hain zuzen ere, urtero egonkortzen ari da Euskal Kirol Federazioen
Batasunak antolatutako jaialdia, kirola, festa eta aldarrikapena uztartuz
euskal kirola aintzat hartzeko asmoarekin.
|
 |
|
Egitaraua.
ikusi » |
IV. Edizioa aurrera eramateko aukeratutako lekua Amurrioko
Bañueta kiroldegia izan da (aurretik Bilbok, Durangok eta Tolosak
hartu zuten ekitaldia). Kirol ekintzen ordutegia 10:00etatik 15:00etara
izango da gutxi gorabehera.
Euskal kirol ezberdinen ezagupena eta hastapena sustatu
nahi du Amurrioko IV. Euskal Kirolaren Egunak, hala nola, Euskal Kirolaren
ordezkapena Euskal Federazio ezberdinei eta Euskal Kirol Federazioen
Batasunari aitortzea. Beraz, parte-hartzea ahalbidetzen duen jardunaldiaren
bitartez gure kirola indartzea da ospakizunaren xedea.
IV. Euskal Kirolaren Eguneko beste asmo handietako bat Euskal
Selekzioen nazioarteko ordezkaritza ofíziala aldarrikatzea da.
30 bat modalitate bilduko dituzten IV. Kirol Egunerako aurreikusitako ekintza
guztiek izaera parte hartzailea izango dute eta nahi duten pertsona guztiei
zuzenduta egongo dira. Horretarako, begiraleak eta hainbat kirolari ospetsu
izango dira bertan.
Bañuetako Kiroldegian egingo den IV.
Kirol Egunean, besteak beste, honakoak izango ditugu: pilota
tailerra, halterofilia erakustaldia, esgrima, arku tiroketa,
boxeoa, herri kirolak, golfa, taekwondoa, karatea, hockey-a,
gimnasia erritmikoa, mendia, urpekaritza, kanoe, xakea eta kirol
egokitua. Gainera, Euskadiko Txapelketa jokatzeko aukera ez dute
galduko federazio batzuek: esgrima, halterofilia, taekwondoa
eta igeriketa. 27an, larunbata, gimnasia erritmikoaren Euskadiko
Txapelketa jokatuko dute taldeka.
Ekitaldiaren izaera ludikoari erantzunez, fanfarreak, umeentzako
jolasak, txosna, arropa eta Euskal Kirol Federazioen Batasunaren
produktuak saltzeko denda jarriko dute bertan.
2003an gauzatutako euskal kirolaren proiektu zaharra da Euskal Kirol Federazioen Batasuna. Euskal kirolaren federazio guztiak erakunde juridiko bakarrean biltzea da bere helburu nagusia. Euskal kirolak ekimena beharrezkotzat jotzen duela frogatzen dute Euskal Kirol Federazioen Batasunaren babespean dauden 48 kirol federazioek, hau da, 200.000 kirolarik (ia Euskal Autonomi Erkidegoko biztanleriaren %10). Honakoak dira federazioek dauzkaten helburuak:
Euskal Herrian Kirol Federatuaren hazkundea.
Euskal selekzioak indartzea.
Federazioek eta kirolariek diru-laguntzak errazago hartzeko esfortzua egitea.
Kirol politikak sortzeko orduan ideiak ematea.
Gure herrialdeko federazioak ordezkatzen dituen erakundea da Euskal Kirol Federazioen Batasuna (EKFB). Euskal kirola orokorrean eta zehazki federatutakoa sustatzea da bere helburu nagusia. Halaber, Euskal Kirol Federazioen Batasunak jarraitu beharreko ildoak zehaztu zituen hasiera batetik:
Gazteagoak diren kirolariak lurraldeetako emakumezkoen selekzio ezberdinetan parte hartzea
Euskal federazio ezberdinek elkarrekin lan egitea.
Federazioei gastuak gutxitzea eta zerbitzuak hobetuko dituen amankomuneko mutualitatea.
Federazioen baliabide ekonomiko zein materialak aurreztea.
Kirol Federatuan dopinaren aurka egitea.
EKFBren asmo eta helburuen artean, aipagarria da euskal kirol selekzioen indartzea, euskal kirolaren sustapena, defentsa eta ordezkapena; Euskadiko kirola hobetzeko erakunde publiko zein pribatuekin elkarlana; Euskadiko kirol politika hobetzeko ekimenen eta ekarpenen proposamena eta, azkenik, euskal kirol federazioentzat amankomuneko zerbitzuak sortzeko nahia bere osotasunean ahaztu barik.
Horrez gain, EKFBk 2008ko Itsas Joko Atlantikoak antolatuko ditu Getxo eta Sopelanan.